XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitz bat garaiz aski zuketen senar-emazteok elkar adiskidetzeko, baina ez batak eta ez besteak ez zuten ahoratu.

Bien arteko etsaigoa gero eta handiagotu zen.

Otorduak aparte egiten zituzten, ez zuten elkar ikusten, ez eta elkarri hitz egiten.

Hontan, Portsmouth-en amaitzen ari ziren Sociedad Vasco-Andaluza-rentzat fragata bat.

Xehetasun batzuk baizik ez zitzaizkion falta.

Mentxaka Ingalaterra-ra joan zen jasotzera.

Ez zekiat ba ote dakiken, ontzi bat egiten denean, barkugileak ontziko lehenen ofizialeari liburu edo kuadernu bat eskuratzen diola.

- Bai badakit.

Historia-plegua deritza, eta bertan jar-arazten dira eraikintzan construcción nabaitu diren gora-behera guztiak.

- Horixe duk... Eskuratu zioten, bada, ontziaren historia-plegua Pliego de historia, eta izena irakurri zuenean, Mentxaka-ri ia-ia ondo-ezak jo zion.

- Arranopola! Nola zuen izena ontziak?

- La Bella Vizcaína.

- Gure fragata?

- Berbera, pilotu txipi, berbera.

Eta norbaiti iruditu zitzaion brankako sirena-katamaluak Hortensia ederraren aurpegi tankera zuela.

- Ba, ba...

- Jendearen irudimen beroa.

Mentxaka, harez gero, sekula baino kopetilunago gelditu zen.

Ez zitekeen Cepeda-ren burupide izan ontzia izen horrekin bataiatzea, bere bazkidea minberatzearren.

Asmoa, ezpai gabe, Hortensia-ren buruan sortu zen.

Senar-emazteen arteko hauziak gaizki segitzen zuen eta ez zitzaion konponbiderik ikusten.